Hautatu hizkuntza

EAEko liderra da enpresa teknologikoetako I+G enpleguan. Segmentu hori hiriko enplegu osoaren % 3 da, eta Gasteizen eta Bilbon, berriz, % 0,7 eta % 0,3, hurrenez hurren.

Orkestrak Donostia Sustapenerako egindako azken txostenak —gure hiria Ezagutzako Zerbitzu Intentsiboekin (EZI) hornitzen duten enpresei buruzkoak—horrelaxe egiaztatu du.

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren eta Donostia Sustapenaren arteko lankidetzan egina, hiriko I+G ekosistemaren ordezkaritza hautatuaren aurrean (unibertsitateak, zentro teknologikoak, enpresak eta ordezkaritza sektoriala) Donostian aurkeztutako txosten honek hau ondorioztatu du: EZIak hiriko garapen ekonomikoaren eragile nagusietako bat direla euren garapen jasangarriari esker eta euren hazkunde aurreikuspen oparoei esker. Zientziaren eta Berrikuntzaren hiria izateko Donostiak egin duen apustua indartu egiten du horrek guztiak.

Arlo horretan 3 enpresa-mota daude: teknologikoak, sortzaileak eta profesionalak. Aurkeztu berri den txostenaren arabera, Donostia nabarmendu egiten da teknologia-adarrean duen “espezializazio bereziagatik”, batez ere Ikerkuntzaren eta Garapenaren arloan; enpresa horiek hiriko enplegu osoaren % 3 dira eta % 51,8ko hazkundea izan dute 2014tik hona.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren arabera, “datuak argiak dira: eredu ekonomikoaren aldaketa ekarri behar duen ekosistema berritzailea indartzeko azken bi hamarkadetan egindako ahalegina fruituak ematen ari da. Zientziaren eta berrikuntzaren hiria bultzatzen jarraitu behar dugu, Donostia dagoeneko hasi baita nazioartean bera kokatzen eta bereizten duen ezaugarri batez hornitzen.”

Txostenak azpimarratzen duenez, mota horretako enpresek balio erantsi handia dute; izan ere, produktibitate handiagoa, kalitatezko enplegua eta dinamika berritzaileak sorrarazten baitituzte; gainera, 2014az geroztik izan diren krisi ekonomikoen aurrean erresilientzia handiagoa erakutsi dute.

Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendariaren ustez, "azken bi hamarkadetan zientziaren eta ezagutzaren alde egindako apustua funtsezkoa izan da gure hirian enpresa- eraldaketa bat sortzeko orduan. Azpiegitura teknologikoetan eta talentuan egindako inbertsioaren eta I+G+Bko ekosistema oso baten garapenaren ondorioz, ezagutzan intentsiboak diren zerbitzuak, bereziki teknologikoak, enplegua sortzeko (3 enplegutik 1) eta BPGa sortzeko (ia % 50 tokian-tokian) motor nagusi bihurtu dira Donostian. Urte hauetan Donostia Sustapenak talentua eta berrikuntza sustatzeko programa eta proiektuekin egindako apustu iraunkorrak asko lagundu du argazki honetan, baina une honetan garrantzitsua iruditzen zitzaigun sektore hori aztertzea, are gehiago indartu ahal izateko eta hiriaren marka eta apustu estrategiko bihurtzeko. Orkestrarekin elkarlanean egindako lanari esker, sektore horren garrantzia berresten duen azterketa eta ezagutza finkatu ahal izango dugu, baita palankak eta lehiakortasun-faktoreak ere, eta horien gainean sakontzen eta irtenbideak proposatzen jarraitu beharko dugu ekosistemako eragileek txertatu nahi duen estrategia baten barne ".

Honi lotuta, Miren Estensoro Orkestrako ikertzaileak honako hau adierazi du txostenaren aurkezpenean: “Eragile desberdinen inplikazioa funtsezko baldintza izango da proiektua indartzen eta lantzen jarraitzeko, arlo horretan ditugun lehiakortasun erronkak gainditu arte. Horretako, ikuspegi sistemiko bat behar da. Ikuspegi honek eskualdeko beste lurralde erakunde batzuekiko lankidetza barne hartu beharko du, bai eta jarduera-eremu honen aldeko erronka partekatzen duten metropoliekiko eta euskal hiriekiko lankidetza ere.”

Azkenik, zinegotziak egindako iragarpenaren arabera, Zuatzuko egungo PIA eraikina ikus- entzunezko Berrikuntza Poloa izatetik hiriko erreferentziazko EZI enpresen gunea izatera igaroko da. “Hiriak bi hamarkada daramatza ezagutzan, zientzian eta berrikuntzan oinarritutako ekoizpen eredu baterantz eboluzionatzen. Asko dira ibilbide horretan sortuz doazen mugarriak, eta honako hau beste bat gehiago da. Adibide ezin hobea, baliabideak eta estrategiak nola orientatzen ditugun erakusteko: talentuari eta espezializazioari esker, gure hiria hobeto bizitzeko leku bat izan dadin.”

Hiriko produkzio ehunaren segmentu honen beharrak eta erronkak zehatz-mehatz ezagutzeari begira, txosten hau beste urrats bat da Donostia Sustapenaren estrategian; izan ere, berau funtsezkoa baita Donostiaren orainerako eta etorkizunerako, balio erantsia duten zerbitzu eta programa berriak garatzea ahalbidetzeaz batera.

Gehiago jakiteko