Hautatu hizkuntza

 

Hiriko berrikuntzaren aldeko agentzia, Donostia Sustapena alegia, I-CSI EU (Intensifying Cross-Sectoral Innovation within the European Union) europar partzuergoko kide da, zeinaren helburua baita eskualdeko/tokiko berrikuntza-politikak birbideratzea, sektoreen arteko lankidetza sustatzeko eta parte hartzen duten eskualdeen erronka sozial eta ekonomikoei erantzun integrala emateko.

Eredu ekonomikoaren eraldaketan eta hiriaren estrategian betetzen duen funtsezko zeregina kontuan hartuta, Donostia Sustapenak proiektu honetan lan egingo du, KIBS enpresetan (ezagutza maila handiko enpresa-zerbitzuetan) arreta berezia jarriz. Orkestrak Donostia Sustapenerako egindako azken txostenaren arabera, KIBS'ak hiri enplegu osoaren % 3 dira; Gasteizen eta Bilbon, hurrenez hurren, % 0,7 eta % 0,3 diren bitartean. Beraz, gure hiria I+G enpleguan EAEko lehen hiriburu bihurtu da enpresa teknologikoen artean.

Proiektua 4 urtez garatuko da eta berrikuntzaren arloan eredugarri diren Europako 8 eskualdez eta bazkide aholkulari batez osatuta egongo da, berrikuntzaren ikuspegitik irtenbideak diseinatuz eta berrikuntza-ekosistemetan dauden lan siloak gaindituz. Hori dela eta, gaiari buruzko jardunbide egokiak trukatu eta gaur egungo irtenbide berritzaileak ikertuko dira; horrez gain, bazkideen artean transferitu daitezkeen metodologia berriak ere garatuko dira, ondoren aplikatzeko. Proiektua gauzatu bitartean, partzuergoko bazkideek azterketa-bisitaldietan, eskualdeen arteko tailerretan eta prospektiba eta analisi estrategikoko saioetan parte hartuko dute.

Donostia Sustapenak I-CSI EU proiektuan parte hartzeak berretsi egiten du hiriko ekosistema bultzatuko duten azken irtenbide berritzaileak garatzearen aldeko apustua, funtsezkoa baita aukerak, baliabideak eta irtenbide berritzaileak identifikatzea eta elkarlanean oinarrituriko ikuspegi integratzaile eta sektorearteko bat planteatzea.

KIBS'ak (Ezagutza Maila Handiko Enpresa Zerbitzuak) ardatz hartuta, Donostia Sustapenak segmentu hori garapenaren lehentasunezko ardatz gisa finkatzearen aldeko apustua egin du, Donostiak Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiri gisa duen kokapena indartze aldera.

Proiektu honek bat egiten du beste hiru proiekturekin (Skale 2 CT, EnAibler eta NOTRE proiektuekin), zeinetan erakundeak parte hartzen baitu Interreg Europe programaren eskutik, horren helburua izaki estrategia berritzaile eta jasangarriak partekatzea, eskualde eta toki garapenaren erronkei heltzeko.

Europako proiektuetan parte hartzeak Donostia Sustapenaren lana bultzatzen du, zeina, lankidetzaren eta lotura estrategikoen bidez, ekosistema berritzaile bat garatzera bideratuta baitago, oso berritzaileak diren erakunde eredugarrien eskutik hiriaren nazioarteko posizionamendua indartzeaz batera.

Proiektuaren partzuergoa osatzen duten erakundeak honako hauek dira:

  • Province of West-Flanders (Belgika) - Koordinatzailea
  • Ecoplus. The Business Agency of Lower Austria (Austria)
  • The Baltic Institute of Finland (Finlandia)
  • TUA West (Belgika) - Bazkide aholkularia
  • Donostia Sustapena (Espainia)
  • Warmia and Mazury Regional Development Agency (Polonia)
  • Emilia-Romagna Region (Italia)
  • City of Bremen (Alemania)
  • Novi Sad. Provincial Secretariat for Regional Development (Serbia)