Hautatu hizkuntza

Ane Oyarbide: "Etorkizuna izateko, Donostiak bere gazteen alde egin behar du prestakuntza- eta enplegu-aukerekin, hirian bizitzeko eta beren bizi proiektuak hirian bertan gauzatzeko alternatibekin".

Ekainaren 4tik 7ra Rotterdamen egingo den Urban Future foroko Young Leaders programan parte hartuko duten bi gazte donostiarrak 25 eta 18 urte dituzten Asier Amilibia eta Leticia da Veiga ditugu. Europan hiri jasangarriei buruz egiten den topaketarik handienak gure hiriak nola hobe ditzakegun du aztergai, eta Europa osotik etorritako eta egunen batean etorkizuneko liderrak izango diren gazteen proposamenak entzuteko programa berezia du.

"Young Leaders San Sebastian" programa aitzindaria Udalak sustatzen du Donostia Sustapenaren bitartez, eta gure hiria eraldatzeko azterketa eta ideia berritzaile eta jasangarriak planteatzen dituzten gazte donostiar talentudunak identifikatzea du helburu.

Hautaketa deialdi publiko baten bidez egin da. Deialdian, izangaiek erronkaren edo arazoren bat identifikatu behar zuten, eta eragin positiboa izan dezaketen eta herritarren ongizatea hobe dezaketen alternatibak eta irtenbideak proposatu behar zituzten. Parte hartzaileek baldintza hauek bete behar zituzten: 30 urtetik beherakoak izatea; unibertsitate ikasketak edo lanbide heziketako goi ikasketak eginak izatea edo egiten aritzea; eta gizarte kohesioarekin, enpleguarekin, etxebizitza eskuratzearekin, digitalizazioarekin edo jasangarritasunarekin lotutako erronkak jorratzea.

Ane Oyarbide Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak azpimarratu duenez, "etorkizuna izateko, Donostiak bere gazteen alde apustua egin behar du prestakuntza- eta enplegu aukerekin, hirian bizitzeko eta beren bizi proiektuak hirian bertan gauzatzeko alternatibekin. Donostia Sustapenetik bekak eta prestakuntza programak eskaintzen ditugu, bai eta proiektuak abiarazi eta garatzeko laguntzak, laneratzeko programak eta egonaldi alternatibak ere. Gure helburua da haiei laguntzea aurrera egiten eta beren bizi proiektuak eta Donostiaren etorkizuna eraikitzen. "Young Leaders San Sebastian" eta horren antzeko programek ahotsa ematen diete, urrunago iristen laguntzen diete eta behar ditugun liderrak prestatzen dituzte, gure hiriak aurrera egiten jarrai dezan".

 

Gazte donostiar liderrak

Asier Amilibiak 25 urte ditu, Turismoan graduatua da eta Berrikuntzako eta Turismoko masterra du. Gaur egun, Gizarte Zientzietako doktoretza bat egiten ari da, Hiri Adimendunaren ikerketan espezializatua. Data2Smart izeneko proposamenarekin, Big Data eta Businees Intelligence erabiliz hiri baten datu zehatzak aztertuko dituen tresna bat sortzea proposatu du, informazioa grafiko bistaragarri bihurtzeko eta informazio hori ulertzea eta erabakien hartzea errazteko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko.

Leticia Da Veigak 18 urte ditu eta Administrazioko eta Finantzetako goi gradu bat ikasten ari da NBA modalitatean (Nazaret). Bere proposamenean digitalizazioa eta jasangarritasuna batera lantzen ditu, teknologia digitalak erabiliz erabilera arrunteko objektu eta tresna fisikoak euskarri digital bihurtzeko, eta, materialen kontsumoari eta fabrikazioari lotutako inpaktuak saihestuz gure ingurunea jasangarriagoa izan dadin.

Donostia Sustapenak hautatutako bi gazteak Urban Future kongresura joango dira, eta Europako beste gazte batzuekin esperientziak trukatzeko eta prestakuntza-jardueretan, eztabaida-foroetan, tailerretan eta networking saioetan parte hartzeko aukera izango dute.

Gainera, aurkeztutako proposamenak garatzeko laguntza pertsonalizatua jasoko dute, Residencias Talent programan sartzeko aukera izango dute, eta Donostia Sustapenaren prestakuntza- eta azelerazio-programetan sartzeko lehentasuna izango dute.