Uztailaren 1etik 5era, mundu osoko gazteekin batera, ekintzailetza-esperientzia trinkoa bizitzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Jarduera hau EKINN Akademian (EKINNen prestakuntza- eta trebakuntza-ildoan) sartzen da, eta datozen hilabeteetarako programa-sorta zabala dakar berekin.
Uztailaren 1etik 5era, EKINN —Donostiako berrikuntza- eta ekintzailetza-nodo berria— hirian aitzindari izango den jarduera baten eszenatoki bihurtuko da: EKINN Campus Donostia. Entrepreneurship School of San Sebastian, Donostia Sustapenaren prestakuntza-, trebakuntza- eta konexio-programa berria.
Ideia-fasean dagoen proiektu berritzaile bat landu nahi duten edo ekintzailetza berritzailearen arloko ezagutzan sakontzeko kezka duten tokiko zein nazioarteko 18 eta 30 urte bitarteko gazte ekintzaileei zuzenduta dago esperientzia hau, eta ingelesez bakarrik eskainiko da.
Aldez aurretik ekintzailetza-programaren batean beren ideia garatu duten edota ekintzailetza-lehiaketetan irabazle edo finalistak izan diren gazteek ere partu hartu ahal izango dute.
Esperientzia berri honen helburua da EKINN hiriko berrikuntzaren eta ekintzailetzaren erreferente bihurtzea, konexio espazioak eskainiz eta Donostia proiektu bati ekiteko plataforma ezin hobea dela erakutsiz.
Erritmo handiko 5 egunetan, hautatutako 20 gazteek honako arlo hauek jorratuko dituzte:
- Ekintzailetza berritzailean prestatzea eta trebatzea, senior mentoreak ondoan dituztela. Negozio baten faseak eta proiektu bat abian jartzeko izapideak aztertzea.
- Ideia bat garatzeko laguntza profesionala eta pertsonalizatua, storytellinga eta mikroaurkezpenak barne.
- Tokiko, estatuko (Madril) eta nazioarteko (Boston eta Lisboa) ekintzailetza-ekosistema berritzaileekin konektatuta egotea.
- Demo Day finala, proiektua aurkezteko eta hainbat sari eskuratzeko.
Parte hartzen duten gazteei esperientzia aitzindari honetan parte hartzeko bidea erraztuko zaie.