Hautatu hizkuntza

Donostiako Gabonetako Kanpainak Iñigo Aristegui artista donostiarraren erakusketa inauguratu du Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.

Doako erakusketa honek bizikidetza berreraikitzeari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaitu, eta martxoaren 10era arte egongo da zabalik San Bartolome Gaineko Begiratokian, EKINN eraikinaren aurrean.

Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzigoak antolatua Donostia Sustapenaren bitartez, Donostiako Gabonetako Kanpainak, Udaletxeko Giza Eskubideen bulegoarekin batera, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu nahi izan du ESPAZIO erakusketaren inaugurazioarekin, Iñigo Aristegui artista donostiarraren proposamen iragankorra.

Gabonetako ospakizunak eta espiritua nagusi diren garai batean, ESPAZIOk gogorarazten digu Gabonetako Kanpaina ez dela argiak eta alaitasuna soilik, bizikidetza eta bakea bezalako balioei buruz hausnartzeko aukera ere badela. Proiektu honetan, gure hiriak artearekin eta giza eskubideekin duen konpromisoa nabarmen jarri da elkarrizketa inspiratzeko eta sustatzeko tresna gisa.

Irekiera ekitaldian Donostiako alkate Eneko Goiak Donostiako Sustapenak eta Iñigo Aristegi artista donostiarrak egin duten lana eskertu du, izan ere, "duela gutxi sortutako eta donostiarrok hiria beste ikuspegi batetik begiratzeko gurea egin dugun toki hau hain garrantzitsuak diren Giza Eskubideen gaineko hausnarketa eremu bilakatu dute". Horiek horrela, honakoa azpimarratu du: "Donostia bakearen eta bizikidetzaren hiria da. Hala aldarrikatu genuen 2016an Europako Kultur Hiriburua izan ginenean, eta horrela egiten jarraitzen dugu martxan diren hainbat ekimeni esker. Eta horien artean, erakusketa hau sortu da, hain zuzen ere, gaiari buruz hausnarketa egiteko oso aproposa den garai batean antolatutako erakusketa".

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziaren esanetan: "Kulturaren, artearen eta giza eskubideen aldeko apustu bat izateaz gain, hiri eremua adierazpen artistikorako leku gisa aldarrikatzen duen ekimena ere bada. Gainera, Gabonetako kanpaina honen barruan, hiriaren beste erakargarri bat da donostiarrentzat eta bisitarientzat, inklusioa, elkartasuna eta hausnarketa bezalako balio unibertsalak transmititzeaz batera".

Iñigo Aristegui artista donostiarrak adierazi duenez ,"EsPAZio Proiektu Artistikoak arrazoian eta pentsamenduan sakontzen du; elkarbizitzaren printzipioa da. Eskulturak estatikoak dira; adimenak mugimenduan jartzen dituen arte. Urte bat, hilabete bat, egun bat, ordu bat, milioika lagun aldatu zituen une bat. Loturen bidez berreraikitako bizikidetza topaketetan islatzen da, pentsatzeko eta arrazoitzeko abiapuntua izaki.

Azkenik, inaugurazio ekitaldian Jose Maria Leclercq historialariak ere hartu du parte; hark berak nabarmendu duenez, "proposamena kokatu den enklabearen garrantzi historikoa, bai bere iraganagatik bai bere historiagatik, kokapen ezin hobea da donostiarrei eta bisitariei bake mezu bat bidaltzeko, behar-beharrezkoa dena garai asaldagarri hauetan".


Elkarbizitzaren berreraikuntza artearen bidez

ESPAZIO zirkulu eta zirkuluerdi formako bost eskulturak osatzen dute; besarkadak eta irribarreak ekartzen dituzte gogora, baita gizateria markatu zuten historiako une garrantzitsuak ere. Elementu horiek diseinatuta daude gatazken pertzepzioa aldatzeko eta itxaropen eta berreraikitze mezu bat proiektatzeko.

Erakusketako eskultura bakoitzak honako une hauek irudikatzen ditu:

Donostia / San Sebastián (1813ko abuztuaren 31, 13:15)

Hiriaren suntsipenaren oroitzapena.

Hiroshima (1945eko abuztuaren 6a, 08:15) eta 3. Nagasaki (1948ko abuztuaren 9, 11:02)

Bonba atomikoaren biktimen omenez eta Hiroshimako eta Nagasakiko bizirauleen elkarteari 2024an emandako Nobel Sariaren aintzatespen modura.

New York - 1. Dorrea (2001eko irailaren 11, 08:46) eta 5. New York - 2. Dorrea (2001eko irailaren 11, 09:03)

Historia hurbilaren ibilbidea aldarazi zuten atentatuen oroimenez.

Eskulturak altzairu herdoilgaitzez eginda daude eta ispilu moduko akabera dute, bisitariak islatzen dituena eta haien irudia desitxuratzen duena, artelanetan denboran zehar bidaiatzera gonbidatuko balitu bezala. Elkarreragin horrek bi helburu ditu: ikusleak une historiko irudikatu horiekin konektatzea eta iraganari, orainari eta etorkizuneko bizikidetzari buruzko hausnarketan sakontzea.


Herritarrei egindako gonbidapena

ESPAZIO proposamen artistiko iragankorra baino gehiago da. Topaketarako eta hausnarketarako espazio irekia da. Gabonetako Kanpainak instalazio hau bisitatzeko eta bizikidetzari buruzko elkarrizketa artistiko honetan aktiboki parte hartzeko aukera ematen die herritar guztiei —familiei, gazteei, helduei eta adinekoei—. Erakusketa doan bisitatu ahal izango da San Bartolome Gaineko Begiratokian, EKINN eraikinaren aurrean, datorren martxoaren 10era arte.

Gainera, urtarrilaren 3an eta 31n eta otsailaren 28an, EKINNen, erabat doan, hainbat hitzaldi egingo ditu Iñigo Aristegui artistak; eta berarekin hainbat historialari izango dira, une historiko bakoitza dagokion testuinguruaren barruan kokatuko dutenak.