30 urtetik beherako bi pertsona hautatuek aukera izango dute Urban Future Foroko Young Leaders ekitaldian parte hartzeko, Rotterdamen, ekainaren 4tik 7ra bitartean.
Young Leaders programaren helburua gazte talentudunei hirian eragina duten proposamen berritzaile iraunkorrak garatzen laguntzea da.
Donostia Sustapenak, Urban Future erakundearekin lankidetzan, sustatutako Young Leaders San Sebastian programak hiria eraldatzeko ideia berritzaile eta jasangarriak planteatzen dituzten talentua duten gazte donostiarrak identifikatzea du helburu.
Interesdunek klima-aldaketara egokitzeko, hiri jasangarriak eraikitzeko, eraldatze-prozesuetan alderdi sozialak garatzeko... hiri-erronka bat identifikatu beharko dute, eta hirian eragin positiboa duten eta herritarren ongizatea hobetuko duten irtenbideak proposatu.
Horrez gain, hautatutako bi gazteek parte hartuko dute, gastu guztiak ordainduta, Rotterdamen, ekainaren 4tik 7ra bitartean ospatuko den Urban Future biltzarreko Young Leaders Programme ekitaldian. Europako topaketa horrek urtean 2.000tik gora parte hartzaile biltzen ditu eta "Nola hobe ditzakegu gure hiriak?" galderaren ingurukoa da.
Programan parte hartzeko betekizunak honako hauek dira:
- 30 urte baino gutxiago izatea.
- Unibertsitate ikasketak edo Lanbide Heziketako goi-mailako zikloa egiten ari izatea edo bukatu izana.
- Hiriarekin lotura izatea: Donostian jaiotakoa izatea, ikasi izana edo erroldatuta egotea.
- C1 ingeles maila izatea.
Interesdunek programari buruzko informazio osoa www.fomentosansebastian.eus webgunean eskura dezakete eta izena emateko epea datorren apirilaren 19ra arte egongo da irekita.
Programak barne hartzen ditu, halaber, Donostia Sustapenaren laguntza integrala, proposatutako ideia garatzeko, banakako aholkularitzarekin, “Residencias Talent” programan sartzeko aukerarekin eta Sozietate Publikoaren prestakuntza- eta azelerazio-programetan parte hartzeko aukerarekin.
Programa honen bidez, Donostiako Sustapenak izaera ekintzailea eta hiriarekiko konpromisoa duten tokiko gazteen garapen profesionala eta pertsonala bultzatu nahi du.