Donostiako Sustapenak, Interreg Europe programaren diru-laguntza jasotzen duen NOTRE (Novel Methods Improving Production Innovation Potential with Examples of Senior Care- Related Solutions) proiektuaren jarraipen-bilera antolatu zuen apirilaren 23 eta 24ean.
Proiektu honetan, Europako hainbat herrialdetako (Finlandia, Hungaria, Errumania, Frantzia, Italia, Irlanda eta Espainia) 11 bazkidek hartzen dute parte eta helburu nagusia, osasunarekin eta zahartze osasungarriarekin lotutako berrikuntzara bideratutako tresna politikoak hobetzea eta produktu edo zerbitzu berriak garatzen laguntzea da, osasun-ekosistema indartzen laguntzeko.
Aipatutako bi egun horietan, proiektuko bazkide diren erakundeek orain arte egindako jardueren balantzea egin eta hurrengo hilabeteetarako ekintza-plana zehaztu zuten.
Lehen lan-jardunaldian, proiektuaren kudeaketarekin lotutako alderdi teknikoen jarraipena egin zen. Ondoren, ikuspegi praktikoago batetik, bileran parte hartu zuten erakundeek Donostiako ekosistemaren ikuspegi orokorra jaso eta, osasunaren esparruan zehazki, hiriaren garapenaren oinarrian dauden ardatz estrategikoak ezagutzeko aukera izan zuten.
Hiriaren errealitatera hurbiltze hori tokiko bi start-up berritzaileren (Oroi eta Ingevital) ezagutzarekin osatu zen, parte-hartzaileei osasunaren eremuan tokiko ekintzailetza berritzailearen potentzialaren eta enpresa-sarearen lehiakortasunaren ikuspegi zehatzagoa eskainiz. Hiriko bi start-up hauek, sortu dituzten konponbide berritzaileentzat merkatu berriak ezagutzeko aukera izan zuten.
Lehenengo jardunaldia IIS Biogipuzkoara egindako azterketa-bisitarekin amaitu zen. Bisita horren bitartez, proiektuko bazkideei Gipuzkoako osasun-ikerketari lotutako ekosistema berritzailearen inguruko ikuspegi zabalagoa eman zitzaien eta egungo egoera eta erronkak ezagutzeko aukera zuzena izan zuten.
Bigarren egunean, Errumaniako eta Italiako zenbait start-up aurkeztu ziren eta adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako zenbait proposamen berritzaile erakutsi zituzten. Bilera amaitzeko, beste ekosistema batera hurbiltzean, kultura-, lege- eta gizarte- alderdiei lotutako enpresa-erronkak nola kudeatu behar diren aztertzeko prestakuntza saioa antolatu zen.