- COTEC fundazioko kideei gogoeta bateratu bat proposatzea, gazteek hirietan planteatzen dituzten erronkak eta gure lurraldeetako eremu sozioekonomikoetan duten eragina aztertzea da helburua.
- Donostia Sustapenaren bitartez, gure hiria Fundazioko kide da 2022az geroztik, fundazioaren eginkizuna hirietako garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa berrikuntza sustatzea da.
Bihar goizean, COTEC Fundazioak Madrilen duen egoitzan, "Talentu Gaztea eta Hiria" lantaldea ofizialki abian jarriko da. Donostia Sustapenaren gidaritzapean, 15 erakundek baino gehiagok hartuko dute parte ekimenean, besteak beste, Madril, Bartzelona eta Malagako udalek edo ENISA, Orange eta BBVA bezalako erakundeak. Proiektuaren helburuak, metodologia eta ikuspegia adostea izango da topaketaren helburua.
Ane Oyarbide, Ekonomia eta Tokiko Enplegurako zinegotziarentzat “Cotec-en lantalde horren buru izateak talentu gaztea babesteko Udaletik egiten dugun apustua sakontzeko aukera ematen digu. Eta, era berean, gure hiriak gazte horiei garapen profesional osoa ahalbidetuko dieten inguruneak nola sortzeko ideiak, estrategiak eta hausnarketak partekatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da prestakuntza, enplegua eta, nola ez, etxebizitza bezalako erronkei ekitea. Azken arazo honi irtenbidea eman behar zaio belaunaldi berriei etorkizun bat eskaintzen jarraitu ahal izateko”.
1990ean sortu zenetik, enpresen artean lan handia egiteagatik nabarmendu da COTEC Fundazioa, beti ere berrikuntza teknologikoaren zerbitzura. Donostia Sustapena 2022. urteaz geroztik dugu sare horretako kide, eta, horri esker, berrikuntzaren aldeko apustua indartu ahal izan du, Donostia hiriaren etorkizuneko garapenerako funtsezko eragilea den aldetik.
Hainbat lantalde antolatzen dira Fundazioan. Interes komuneko gai batekin zerikusia duen proiektu bat proposa dezakete kideek, eta gainerako kideek proiektu horrekin bat egin dezakete beren borondatez.
Gauzak horrela, Donostia Sustapenak, lantalde honen bitartez, hausnarketa bateratua proposatzen du, honako bi gai hauek aztertzeko: gazteek gaur egun dituzten erronkak, eta, erronka horiek gure lurraldeetako eremu sozioekonomikoetan duten eragina.
Gogoeta horiek guztiak, lan prozesuan zehar identifikatutako jardunbide egokiekin batera, dokumentatu egingo dira, "Gure hirian eta erakundeetan talentu gaztea sustatzeko lankidetza-gida" lantzeko asmoz. Gidak bi onura ekarriko ditu:
- Lan esparru bat ezarriko du, eragileen arteko konpromisoaren eta lankidetzaren bidez gazteen garapen integralerako ingurune aproposak sortzeko, eta arreta berezia jarriko du funtsezko hiru alderdiotan: prestakuntzan, enpleguan eta etxebizitzan.
- Gazteen ikuspegia erakundeen eta eragileen politiketan txertatzeko jarraibideak eta jardunbide egokiak jasoko ditu.
Udal Elkartea koordinatuko duen lantaldea 4 zutabe izango ditu:
- Etorkizunerako hezkuntza eta prestakuntza.
- Lan merkaturako sarbidea eta garapen profesionala.
- Bizi kalitatea, gazteak eta hiria.
- Gazte kolektiboaren parte hartze aktiboa, komunikazioa eta konexioa.
Lantalde honen koordinazioa, Donostia Sustapenak COTEC Fundazioarekin duen lankidetza estuaren parte da. Berriki egindako ekintzen artetik nabarmentzekoak dira, besteak beste, Fundazioaren "Gazela Enpresen Behatokia" Donostiako enpresen artean zabaldu izana, edota, duela urtebete, "Berrikuntzaren Gizarte Pertzepzioari buruzko Espainiako VI. Inkesta" Donostian aurkeztu izana.
Iñigo Olaizolam Donostia Sustapeneko zuzendariarentzat, “COTECen parte izatea aukera hau bezalako ekimenengatik da garrantzitsua. Sareko kide aktiboa izan nahi dugu eta, horregatik, gazte talentua erakartzea eta garatzea lantzen duen lan-talde bat proposatu dugu. Horrek gure hiriarentzako funtsezko erronka bati aurre egiteko aukera emango digu, baita ikasi eta proposamen berritzaileak garatzeko ere. Gainera, talde hau estatuko mailan, hiri eta enpresa garrantzitsuekin, lideratzeak gure hiriko marka sendotzen du, berrikuntzan eta talentuan oinarritutako apustuarekin”.
Gure hiria, Fundazio hau osatzen duten hirien talde esklusiboaren barruan dago. Donostia Sustapenak COTEC Fundazioan duen parte hartzea dela-eta, berrikuntza, teknologia eta ekonomia arloko adituen sarea eskura daukagu, eta, horri esker, kontsultak egin eta gure hiriaren erronka espezifikoekin lotutako azterlanak jaso ditzakegu, batez ere gizarte berrikuntzaren arloan.
Lantalde hori koordinatzeko Donostia Sustapenak egindako proposamena Udal Sozietateak gazteriarekin eta tokiko talentuarekin konektatzeko guneak sortzeko garatzen duen ildo estrategikoaren parte da, Donostian beren bizi-proiektuak eta proiektu profesionalak garatzeko aukerak eskaintzeko helburuarekin.