Hautatu hizkuntza

  • Enpresa Finkatuaren kategorian Wavegarden saritua izan da; Enpresa Gaztearen kategorian, berriz, Multiverse Computing-ek eraman du saria.
  • Aurten Tecnalia aintzatetsi da, ikerketarekin eta teknologiarekin duen konpromisoagatik, hiriaren izena nazioartean proiektatuz.

Asteari amaiera emateko, DSS INN sariak banatu dira gaur Maria Cristina Hoteleko Ibaia Aretoan. Aste hau Donostia Sustapenak antolatzen du, hiriko I+G+b ekosisteman diharduten eragile askorekin lankidetzan.

Enpresa Berritzailearen Sariak duela bederatzi urte sortu ziren, negozio berritzaileak bultzatzearen aldeko apustu argia eginez beren jarduera finkatu duten eta, beren sektorerako ez ezik, hiri osorako ere erreferente bihurtu diren enpresak aintzatesteko asmoz.

Gure hiriko sektore emergenteetan euren jarduera arrakastaz garatzen duten startupak ere saritzen dira; talentuan eta teknologian oinarrituta, mota horretako enpresak etorkizuneko enpresa-ereduaren erakusgarri dira eta.

Sari banaketan, Donostiako alkate Eneko Goiak sari hauen banaketaren garrantzia azpimarratu du eta honakoa esan du: “Berrikuntza, zientzia eta ezagutza protagonista diren astea borobiltzen dute; harreman estua duten hiru kontzeptu. Eta horiek hiri honetan harro egoteko eta aitortzak egiteko arrazoiak dira. Hiriaz eta lurradeaz harro; eta hainbeste donostiarrek egindako lanaz harro, izan ere, euren ezagutzaz baliatu dira hiria berrikuntzaren poloan bilakatzeko eta berrikuntzan sakontzeko eta ezagutza berria sortzeko enpresak erakartzeko”.

Horrenbestez, segidakoa gaineratu du: “Wavegarden, Multiverse Computing eta Tecnalia enpresak harro egoteraren eta gauzak ondo egitearen adibide dira. Ikerketan eta berrikuntzan esfortzu eta ardura handiz aritzen diren enpresak dira. Tecnalia Estatuan, Europan eta Munduan erreferente da, eta Donostian du ikerketa eta garapen teknologikoaren egoitza nagusia. Wavegarden erreferente da Surfaren munduan, kirol eder honetaz harago doan instalazioak sortuz; eta Multiverse Computing, bere software kuatikoarekin Donostia abangoiadian jarri du, Ibaetan ordenagailu kuantikoaren instalazioaren zain gauden bitartean”.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziarentzat “gizartea gero eta gehiago jabetzen da zientzia eta berrikuntza sektoreko enpresek egunero egiten duten ekarpenaz, gure hiriak eta munduak aurrera egin dezan. Gainera, eta WeekInn honetan egiaztatu ahal izan dugunez, Donostian ibilbide profesionala egin nahi duten gazte donostiar askori lan egiteko eta talentua garatzeko aukera ugari eskaintzen dizkie. Sari hauek lan hori aitortzeko modu bat da, eta baita Donostiaren sustapen eta garapen sozio-ekonomikoan duen ekarpena txalotzeko ere.”


Sariaren IX. edizio honetan saritutako enpresak hauek izan dira:

MULTIVERSE COMPUTING – Enpresa berritzaile gaztea

Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari orokorrak Donostiako startup honi eman dio saria. 2019an sortua, irtenbide informatiko kuantikoak eta inspirazio kuantikokoak garatzen ditu, ordenagailu konbentzionaletan erabiltzeko. Gaur egun, software kuantikoko enpresarik handiena da Europar Batasunean.

Bere zorroan 95 patente ditu, eta datozen urteetan 150 patente gehiago lortzea du helburu; gainera, 40 ikerketa baino gehiago argitaratu ditu, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko bere konpromisoa azpimarratzekoa izaki.

Bestalde, bere negozioaren dibertsifikazioak merkatu berriak ditu jomugan, hala nola energiaren, mugikortasunaren edota fabrikazio adimendunaren merkatua mundu mailan. Gaur egun bulegoak ditu Donostian (konpainiaren egoitza), Kanadan, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan eta Italian.


WAVEGARDEN – Enpresa berritzaile finkatua

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegurako Zinegotziak emandako saria Donostiako enpresa honentzat izan da. 2005ean sortua, Josema Odriozola eta Karin Frisch sortzaileek surfarekiko zuten pasioa eta kirol instalazioen diseinuan zeukaten esperientzia uztartzea erabaki zuten. Gaur egun, Wavegarden punta-puntako ingeniaritza-enpresa bat da eta surfa egiteko olatuak eta urmaelak sorrarazten dituzten sistemak ikertu, diseinatu, fabrikatu, instalatu eta gobernatu egiten ditu.

Hamarkada bat baino gehiago I+Gn eman ondoren, eta hainbat patente eta aurrerapen esanguratsu lortu eta gero, Wavegarden merkatuko lider bihurtu da olatu artifizialen sektorean. Horrez gain, enpresaren teknologiei esker, ekintzaile batzuek surfean aritzeko helmuga turistiko berriak sortu dituzte munduko hainbat tokitan, turismo- eta negozio- ekosistemak inplementatuz, itsasoaren hurbiltasuna edo urruntasuna edozein dela ere.


AINTZATESPEN BEREZIA

Zazpigarren urtez, gainera, aintzatespen berezia ere egin zaio gure hirian ikerketaren eta berrikuntzaren arloan lan garrantzitsua egin duen eta Donostiako ekonomian eragina izan duen pertsonari edota erakundeari.

Eneko Goia Donostiako alkateak Tecnaliari eman dio saria. Europako I+G korporazio garrantzitsuenetako bat izateaz gain, Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentrorik handiena ere bada. Tecnaliak Donostian du egoitza nagusia, eta 11 delegazio ditu kanpoko hainbat herrialdetan, hala nola Txinan, Kolonbian, Frantzian, Italian eta Serbian. Bere zorroan 740 patente baino gehiago ditu eta 17 startup deeptch baino gehiagotan hartzen du parte. Gainera, deeptch teknologia bereziki bultzatzen du fabrikazio adimendunaren, eraldaketa digitalaren, trantsizio energetikoaren, mugikortasun jasangarriaren, osasunaren, elikaduraren, hiri ekosistemaren eta ekonomia zirkularraren arloetan.

Laburbilduz, Tecnalia itzal handiko ikertegi lider bat da, eta bere izena eta hiriaren marka mundu mailako ikerketaren eta teknologiaren aldeko erronkekin lotzen ditu.


Berrikuntzaren Astea zenbakitan


  • Hamaikagarren edizio honetan 3.000 pertsona inguruk parte hartu dute.
  • EKINN Festek EKINN berrikuntza eta ekintzailetza gunearen ateak ireki zizkien ehunka familiari.
  • 2.000 ikasle inguruk parte hartu dute Donostiako 14 zentrotan tailerrak eginez eta laborategiak bisitatuz.
  • EKINN Talent-en 350 ikasle donostiar baino gehiago bildu genituen Reale Arenan lan- merkatuarekin konektatzeko.
  • Hiriko komunitate zientifikoak aktiboki parte hartu zuen 150 eragile ingururekin San Sebastian Science Societyn, inpaktua duen zientziari buruz eztabaidatzeko.
  • San Sebastian EKINN Entrepreneurship Summit topaketarekin ekintzailetza berritzailean jarri zuen arreta, eta Donostiako startupek nazioko eta nazioarteko korporateekin egin zuten bat, eta sarelan interesgarri batekin eman zitazion amaiera jardunaldiari.
  • +18 hizlari, erakunde nazionaletatik, nazioarteko hirietatik eta tokiko erakundeetatik.
  • +150 startup, ekintzaileak, enpresak eta ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotutako erakundeak
  • +50 B2B topaketa startupen eta erakunde inbertitzaileen artean, epe laburrean emaitza positiboak izatea espero da.
  • “Emakume Zientzilariak, atzo eta gaur”, STEAM bokazio berriak sustatzeko ohiko hitzordua, eta 100 pertsona baino gehiago bildu zituena Osoko Bilkura Aretoan.
  • +45 tokiko, nazioko eta nazioarteko erakunde kolaboratzaile inplikatu dira eta Berrikuntzaren XI. Aste hau ahalbidetu dute.